Sabino Ormazabalen babes taldea.

eu | es | cat |

Sabino Ormazabal Elola kontzientzia preso aitortu dezaten ekimena


2000. urteko lehen atxiloketa eta epaiketa


1. Gure lagunak, dagoeneko, ondorengo zigorra jasan behar izan du:

  • Publikoki kriminalizatu dute, horrek irudian dakarren kaltearekin.
  • 2000. urtean, gauerdian atxilotu zuten eta eskuburdinak jarrita eta burua estalita eraman zuten Madrilera.
  • Zortzi hilabetez egon zen behin-behinean espetxeraturik, bere etxetik 450 kilometrora dauden kartzeletan; komunikazioak kontrolatzen zizkioten (bisitaldiak eta deiak grabatu; kartak zabaldu eta berandu eman), miaketa bereziak egiten zizkioten…
  • Behin kalean, askatasun pertsonala mugatu diote: sei urtez 15 egunean behin joan behar du auzitegira sinatzera, eta Espainiako mugetatik (jada existitzen ez diren horietatik) ateratzea galarazi diote.
  • Milioi erdi pezetako fidantza ekonomikoa dauka jarrita, epaiketarekin, bidaiekin eta abarrekin lotutako gastuez gain.
  • Hamasei hilabete iraun du Entzutegi Nazionaleko ahozko epaiketak, eta denbora horretan astero joan behar izan du Madrilera.
  • Zazpi urte egon da epai baten zain, horrek sortzen duen ziurgabetasunarekin eta egonezinarekin, bai gogo-aldarte aldetik, bai familia eta lan aldetik.
  • 2007ko azaroaren 30ean, ahozko bista bukatu eta zortzi hilabetera, 18/98 sumarioan auziperatutako pertsonak atxilotzen hasi ziren. Sabino, berehala atxilotuko zutela jakinda ere, Gara egunkarira lanera joan zen normaltasun osoz, eta handik ordu batzuetara Polizia Nazionalak atxilotu zuen. Espetxe zigorra bederatzi urtekoa du; fiskaltzak eskatu baino bi urte handiagoa, beraz. Hiru egunean bi espetxe ezagutu zituen (Soto del Real eta Alcalá Meco), eta, epaileen aurrean deklaratu ondoren, fiantzapeko askatasunean geratu zen, 20.000 euro ordainduta.
  • Azaroaren 19an, epaileak epaiaren laburpena irakurri zuen, eta zigorrak berretsi zituen: 9 urteetako gartzela zigorra erakunde armatuarekin kolaboratzeagatik. Epaitegi Gorenak errekurtsoei erantzun arte, Sabino fidantzapeko askatasunean egongo da...


2. 2000. urteko lehen atxiloketa

    • Bederatzi lagun atxilotu zituzten 2000. urteko urriaren 5ean. Eta beste bat hilabete geroago, nahiz eta pertsona horrek behin baino gehiagotan esan zuen publikoki prest zegoela deklaratzera eta lekukotza ematera joateko, hala eskatzen ziotenean. Informazio gehiago honi buruz:
    •  www.joxemizumalabe.org/sos-berria
    •  www.ehwatch.org
    •  www.18-98plus.org/
    •  www.pepeurunuela.net/
    •  http://blog.sindominio.net/blog/1898
  • Atxilotuetako bakar bat ere ez zuten inongo epaileren aurrean deklaratzera deitu; aitzitik: euren etxeetatik atera zituzten, neurriz gaineko polizia operazio batean eta armen indarrez. (Zortzi polizia sartu ziren Sabinoren etxe barruan eta beste batzuk ezkaratzean eta kalean geratu ziren).
    . Gauez jardun ziren (goizaldean), senitartekoak ikaratu zituzten, euren etxeak eta lantokia miatu zituzten (kasu batzuetan hiru ordutik gora), euren edo familiaren hainbat gauza (ordenagailuak…) eraman zituzten…
    . Esku-burdinak ezarri zizkieten eta Gobernu Zibilera eraman zituzten hasiera batean eta Madrilera gero, burua estalita eta eskuak lotuta uneoro…
    . Inkomunikazioa ezarri zieten, baina aparteko publizitatearekin: telebista pribatuetako hainbat argazkilarik eta kamerak grabatu zituzten euren atxiloketako zenbait une. Areago: kasuetako batean, telebista pribatu bat poliziarekin batera sartu zen atxilotuetako baten etxean, irudiak hartu zituen eta gero emititu.
    . Fitxatu egin zituzten (argazkiak, hatz-markak...) epailearen aurrera eraman baino lehen. Hurrengo egunean deklaratu zuten epailearen aurrean, Poliziaren (UIP) ziegetatik eta Audientzia Nazionaleko ziegetatik pasa ondoren.
  • a. Atxilotutakoen artean gure laguna zegoen.
  • b. Jaime Mayor Oreja Barne ministroak hala adierazi zuen: “(Atxiloketa horien bidez) ETAren baitako egitura politikoaren zati bat desegin da; desobedientzia zibila eta (Espainiako) konstituzio-markoaren gainetik pasatzea zen egitura-zati horren helburua”.

3. Aurreneko akusazioak.

  • 2000. urteko urriaren 7ko Autotik aterea:
    • i. Joxemi Zumalabe Fundazioarekin loturik atxilotutako pertsonei egozten zaie… (ETAren aginduz) “desobedientzia zibileko kanpainak antolatzea eta bultzatzea” eta “desobedientziaren bidez Estatutik sortutako arau juridikoak baztertzeko eta deslegitimatzeko kanpainak diseinatzea. Kanpaina horiek hainbat ekimenetan gauzatzen dira. Besteak beste: intsumisioan, bide publikoei beste izen bat jartzen edota nortasun agiri alternatiboak ematen.
      ii. “Joxemi Zumalabe Fundazioaren jarduera nagusienetako bat, hainbeste aipatutako desobedientzia proposamen hori bera dela, eta Desobedientzia Lantegiaren bidez gauzatzen dela. ETA-KAS-EKINek zehaztutako jarraibideen arabera gauzatu ere. Fundazioaren egituraren barruan, Patronatuko kideek aktiboki parte hartzen dutela Desobedientzia Lantegian, ETA-EKINen jarraibideei eutsiz…; eta ABK-ko arduradunak ere, Patxi Azparren Olaizolak, jarduera horretan parte hartzen duela”.
      iii. Horretaz guztiaz “baliatzen da Piztu-Encender proiektua garatzeko. Legezko Estatutik bereizteko eta desobedientziarako proiektua da Piztu; konstituzio ordena iraultzea eta boterearen kontrako espazioak sortzea du helburu”.
      iv. “Joxemi Zumalabe Fundazioak… NAN baztertzeko kanpaina garatzen eta koordinatzen duela… eta, modu horretara, “Estatu paraleloa” deitutakoaren aplikazio praktikoa abiatzen duela”.
  • Prozesamendu Autoaren arabera, Fundazioaren txosten bat aurkitu zuten ETAko kide baten miaketan; 1999ko maiatzean Donostiako Egiako Kultur Etxean egindako jardunaldi batzuetan aurkeztutako txosten bat, hain zuzen. Hortik ateratzen da ondorioa: alegia, erakunde horrek zuzentzen duela Fundazioa desobedientzia zibilaren proiektu hori aurrera eramateko. Akusazioaren tesiak dio Fundazioak, hasiera batean, herri mugimenduen gida edo direktorio bat landu zuela, eta, ondoren, ETAk diseinatutako desobedientzia zibilerako estrategia bultzatu zuela lantegi eta jardunaldien bidez.
  • Tesi hau bitxia da, Fundazioaren baitan desobedientzia zibilaren inguruko eztabaidak eta jardunaldiak proposatu zituztenak ez baitira ezker abertzalearen inguru politikokoak eta ez baitira prozesuan auzipetuak izan. Fundazioko kide izan ez, eta hasiera batean atxilotu egin zituzten beste bi pertsona ere prozesutik kanpo utzi zituzten ahozko epaiketa hasi baino lehen. Lucio Tabarrek, defentsaren lekukoak eta Fundazioaren patronatuko kide ohiak, auzitegiaren aurrean onartu zuen bera izan zela Fundazioan gaia planteatu zuena, desobedientzia zibila “gizartea aldatzeko ekinbide egokiena delako” bere irudiko. “Gainera, helburuen eta bitartekoen artean erabateko koherentzia gordetzen du estrategia horrek. Askatasuna, berdintasuna eta elkartasuna lortzeko ahalegina da, bai publikoki eta bai norbere baitan”. Tabarren hitzak dira.
  • Alferrik izan zen (“Piztu”) txostenaren egilea bera –esana dugu ez zela Fundazioko kidea–, txostenaren jatorria eta egilea zein zen argitzeko prentsaren aurrera agertu izana. Nahiz eta prest agertu bere borondatez Entzutegi Nazionalera joateko, hilabeteren buruan atxilotu egin zuten eta prozesu berean auzipetu, baina horrek ez zuen ezertan aldatu beste auzipetuen egoera judiziala.

4 Epaileren aurreko deklarazioa

  • a. Garzón epaileak ez zion begietara begiratu. Sabinok behin baino gehiagotan bilatu zuen haren begirada, baina epaileak paperetara bildu zituen begiak.
  • b. Sabinok azaldu zuen gezurra zela bai bere aurkako eta bai lagunen kontrako akusazioa, pertsona ezaguna zela, jarduera publikoa zuela, eta, beraz, ondo dakiela zer pentsatu eta egiten duen, indarkeriaren aurkakoa dela eta bere ideiak ez datozela bat egiten zaion salaketarekin. Une horretan, Antonio Molina fiskala mintzatu zen labur-labur: “Ez da hori Poliziak duen informazioa”. Garzonek, aurpegira begiratu gabe uneoro, hauxe baino ez zuen esan: “Nahi baduzu, hori jasoko da aktan”.
  • c. Akusazioaren autoak hainbeste orrialde ditu, ordurako idatzirik baitzegoen gehiena, ezinezkoa baita ezinezkoa denez adierazpenak bukatu orduko auto hori idaztea, aldeei ematea eta komunikabideei ezkutuan bideratzea atxilotuak kartzelara eraman baino lehen. Ez zen horretarako aski denbora izan.

5. Atxiloketen ondorengo erantzunak

  • b. 1.700 lagunek jo zuten euren burua errudun. Pertsona horiek guztiek euren herrialdeko auzitegietara jo zuten eurak ere errudun zirela izenpetzeko. Denek baieztatu zuten bederatzi atxilotuei egozten zaien gauza bera egin zutela eurek ere eta kontzientzia presotzat hartu zituzten auzipetuak.
  • c. Democràcia Ambiental elkarteak “babespean” hartu zuen “Sabino Ormazabal eko-bakezale euskalduna”, haren askatasuna eskatu zuen, sarean jarri zuen bere argazkia eta kasua eta hainbat ekimen bultzatu zituen. Horietan guztietan Fons de Documentació del Medi Ambient i el Consum de Barcelona elkartearen helbidea eta telefonoa eman zituen hartu-emanetarako.
  • d. Lankideek, hainbat zutabegile eta iritzi-emailek, lagunek, ezagunek eta ez ezagunek idatzi ugari argitaratu zuten Sabinori eta lagunei buruz. Ikustekoa izan zen hainbat hedabidetan argitaratutako eskutitz kopurua; hilabeteak iraun zuen eskutitz bidalketa horrek.
  • e. Atxiloketa gertatu eta egun gutxira, penintsulan mugimendu ekologistan jarduten duten pertsona ekintzaile eta ezagunenek idatzi bat sinatu eta bidali zioten Garzon epaileari. Idatzian zioten ondo ezagutzen dutela Sabino, desobedientzia zibila ez dela delitua eta berehala askatzeko eskatu zuten. Handik egun batzuetara horixe bera egin zuten hainbat parlamentarik.
  • f. Sabinok erantzun egin zien lagun horiei eta elkartasuna agertu zioten beste batzuei komunikabideetara bidalitako hainbat artikuluren bidez. (Ikus “Sabinoren idatziak”).
  • g. Manifestazio handi bat, Donostian inoiz egin den handienetakoa, deitu zen urriaren 28rako, atxiloketen aurka protesta egiteko.

6. “Kontzientzia presotzat” hartzea.

  • a. Auzitegietan euren burua errudun jo zuten haiek guztiek “kontzientzia presotzat” hartu izanak bultzatu zuen Sabino AIrekin hartu-emanetan jartzera. Halaxe jakinarazi zien espetxeko lagunei. Berak ere kontzientzia presotzat hartu zuen bere burua.
    b. Sabinok Euskal Herriko AI erakundeko arduradunari, Andrés Krakenberger jaunari, idatzi zion espetxetik bere asmoen berri emanez. AIko Espainiako Ataleko presidentea ere bazen orduan Krakenberger.
    c. 2000. urteko azaroaren 29ko eskutitz batean –Sabinori 2001eko urtarrilaren 3an eman zioten zabalduta (gainerako eskutitzak bezala; ikus 2. eranskina)– Krakenbergerrek erantzun zion eurek ezin zutela Espainia barneko auzietan esku hartu, baina Londresko AIrekin harremanetan jartzeko aholkatu zion, han dagoela-eta Nazioarteko Idazkaritza. Hala egin zuen Sabinok Soto del Real espetxetik eta kopia bat bidali zuen Madrilera.
    d. Urtarrilaren 7an Sabinok protesta egin zuen espetxeko Segurtasun Departamentuan, gutuna jasotzeko atzerapenagatik eta hilaren 18an, San Sebastian bezperan, bere gauzak jasotzeko esan zioten, beste espetxe batera zeramatela. Ez zioten jakinarazi nora.
    e. 01/04/16an, AI Espainiako presidenteak, Esteban Beltranek, idatzi hauxe bidali zion Navalcarneroko espetxera:
  • “Jaso dut martxoaren 21eko zure eskutitza. Eskertzen ditut zure hitzak eta honi loturik bidaltzen dizut Europa Mendebaldeko azken buletinaren Espainiako atala. Bertan zure kasua agertzen da aurreneko aldiz Amnistía Internationalen kanpoko agiri batean. Jarrai ezazu informazio gehiago bidaltzen bai niri eta bai Londresko Gillian Flemmingi, horra nire aholkua”.
  • f. 01/04/23an, Gillian Flemingek, AIko Europe Regional Programaren ikertzaileak, gutun bat helarazi zion kartzelara. Hala zion idatziak:
  • Nahiko nuke erreparatzea gure sei hilabeteko “Concerns in Europe” buletinean (“Europako kezkak”, 2000ko uztaila-abendua. AI indizea: EUR 01/001/2001). Buletin hori, hemen, Londresen, egina da; Europe Regional Programak landua, hain zuzen. Azkenekoan –kopia bat igortzen dizut gaztelaniara itzulita– “Terrorismoaren aurkako legedi berria eta euskaldunen atxiloketak” azpitituluan hain zuzen, arreta jartzen du zure kasuan: “…urrian eta azaroan, Euskal Herriko kultura, gizarte eta politikako hainbat antolakundetako 10 lagun atxilotu eta espetxeratu zituzten. ETArekin lotura zuten legez kanpoko ekintzak egitea leporatu zieten. Amnistia Internationalek bazuen kezka atxilotuen euskal subiranotasunaren aldeko konpromisoa eta muturreko euskal taldeetan zuten ekimena oker interpretatuko ote zen eta ETAri laguntza ematea edo ETAko kide izatea bezala hartuko ote ziren. Atxilotuetako bat, Sabino Ormazabal Elola, ezaguna da idazle, kazetari, ekologista eta desobedientzia zibil baketsuaren aldeko ekintzaile gisa. Bera eta Patxi Joseba Azparren Olaizola –hau ere atxilotua, nahiz eta gero aske utzi– Zaramagako Agiria sinatu zutenen artean zeuden. Irailean Bilbon idatzitako agiri bat da Zaramagakoa. Agiriak, besteak beste, ekintzak modu iraunkorrean eteteko eskatzen dio ETAri, hori dela bidea gatazka politikoa konpontzeko. Bai Sabino Ormazabalek eta bai gainerako atxilotuek ukatu egin zuten ETAko kide zirela edo ETAri lagundu ziotela”.
  • g. AIren urteko txostenean ere aipatu ziren atxiloketa eta kasua.
  • h. Zortzi hilabetez preso egon ondoren, Aske geratu ondoren, Sabinok jarraitu zuen gutunak bidaltzen AIri, zer berri dagoen jakinaren gainen edukitzeko. Epaiketa baino lehen, epaiketan zehar eta ondoren egin izan du hori. “Kontzientzia preso” moduan hartzeko eskariari dagokionez, AIk jakinarazi zion kasuak banaka aztertu ohi direla, eta beharrezkoa dela ibilbide pertsonal demokratikoa eta bakezalea izatea –Sabinok betetzen ditu bi baldintza horiek– eta, epaia sendoa izanez gero, orduan esku hartuko duela.

7. Apelazio helegitea

  • Atal honetan auzipetutako kideen prozesamenduaren aurka defentsak jarritako apelazio helegitea 02/12/03an ebatzi zen. Autoak atzera bota zuen helegitea eta auzipean mantendu zituen akusatuak. Behatokiaren txosten baten arabera:
  • “Ekintza horiek legez kanpoko jotzea ez da soilik –Laugarren Aretoaren arabera, betiere– jarduera horiek ETAk bultzatuak direlako edo haren aldekoak direlako (beste behin erantzukizun objektiboaren irizpidea), baizik eta desobedientzia zibileko ekimen horien helburua zuzenbide markoa gainditzea ere badelako. Hau da, desobedientzia zibileko ekimen horien xedea Espainiako lege markoa gainditzea da, legedi horretako arauak ez obedituz –berriro diogu, modu baketsuan beti– eta, hain zuzen, horixe bera jotzen da legez kanpokotzat, zigortu beharrekotzat, baina ez soilik legea urratzen duen ekintza gisa –horrek zigor txikiagoa lekarke– baizik eta ekintza terrorista gisa. Garbi dago, beraz, helburuak kriminalizatu nahi dituztela eta ez egintzak”.

8. Ahozko epaiketa surrealista da.

  • i. Eta kafkarra, esango lukete Zumalabeko kideek.
    ii. Epaiketa 2006 urteko azaroaren 21ean hasi zen eta 16 hilabete iraun zuen. Abokatuek behin baino gehiagotan eskatu zuten saio guztietara joan beharraz dispentsatzeko, zegokien atala aztertzerakoan joatearekin aski zela. Bost dira sumarioaren atalak: Enpresak, Egin, Zumalabe eta Xaki. Baina saio guzti-guztietara joatera behartu zituzten.
    iii. Agerraldi haietako batean, 2006ko urrian, Zumalabe ataleko abokatuak, Jose Maria Elosuak, Guardia Zibileko perituei galdetu zien ea noiz hasi ziren Fundazioa ikertzen. 1983an erantzun zuten agente-perituek. Hori entzunda, Elosuak ohartarazi zion epaimahaiari, zer fidagarritasunik ote zuen adituen txosten horrek, izan ere Fundazioa 1995ean osatu zen, eskrituratan eta elkarteen erregistroan froga daitekeenez.

9. Sabinoren deklarazioa ahozko epaiketan

  • a. 2007ko martxoaren 28ko saioan, alabaren urtebetetze egunean, deklaratzera deitu zuten Sabino, ahozko epaiketaren 44. saioan. Aktan jasotzen denez, goizeko 10:15ean hasi eta 13:42an bukatu zen goizeko saioa. Beraz, bi eten izan ezik, goiz osoa eman zuen defentsaren galderei erantzuten.
    b. Deklaratzera deitu zutenean, esan zuen erantzungo zituela fiskalaren 34 galderak, baina defentsako abokatuaren jarraibideen arabera erantzungo zituela. Gazteleraz eman zituen azalpen horiek, baina aktak bestela jaso zuen: “eusqueraz erantzun zuen”, eta “itzultzaileak dio soilik defentsari erantzungo diozula”. Beste deklarazio batetik hartu eta bere horretan kopiatu ote zuten?
    c. AVTren abokatuak ere egin zituen bere “galderak”, eta bestelako harribitxien artean hara zer galdetu zion Sabinori: “Joxemi Zumalabe Fundazioaren esku-hartze judiziala gertatu ondoren izan zen autoinkulpazio kanpaina masibo horretan parte hartu al zenuen?” (14. galdera). Ez zekien, nonbait, une horretan kartzelan zegoela Sabino eta 1.700 lagun horiek auzitegietan beren burua errudun jo zutela, hain zuzen, atxilotuei elkartasuna adierazteko. Beste galdera batean (bosgarrenean) AVTko abokatuak jakin nahi izan zuen “nork” ematen zion “soldata edo ordainsaria bizi ahal izateko”. Sabinoren lanbidea ez zuen ezagutzen, antza. Itsu-makilarekin egindako galderak ziren, baina epaimahaiak ez zituen bidegabetzat jo eta aktan jasoak geratu ziren.
    d. AVTren “galderen” tirriari antza hartzeko, hemen 19.a. Hala dio hitzez hitz: “Joxemi Zumalabe Fundazioak ETAren aginduak betetzen ez dituenetik, zein da zure postu berria erakundean?”.
    e. Pazientziaz, Sabinok banan-banan erantzun zituen bere abokatuaren galderak eta erantzun bakoitzeko eraitsi zituen akusazio guztiak. Aurrez Entzutegi Nazionaleko epailearen aurrean egindako deklarazioan emandako erantzun guztiak berretsi zituen. Indarkeriaren aurkako ekintzaile moduan aldarrikatu zuen bere burua, desobedientzia zibilaren bere ikusmoldea azaldu zuen eta Fundazioaren lana zertan den ere bai. Toureau, Gandhi edo Luther King ekarri zituen gogora, haiek ere nola desobedientzia zibila baliatu zuten bidegabekeriei aurre egiteko tresna baketsu eta beharrezko gisa; eta tresna hori ez dela indarkeriarekin bateragarria azpimarratu zuen. Era berean, erantsi zuen Fundazioak ez duela kanpainarik egiten, ez desobedientzia zibilekorik ez besterik. Ez dela Fundazio baten lana kanpainak egitea, aztertzea baizik.
    f. Entzutegi Nazionalean Euskal Nortasun Agiriarekin identifikatu ote zen galdetuta, erantzun zuen berak ez duela halako agiririk, ez eta Espainiako nortasun-agiririk ere. Nekez bultzatu liteke kanpaina bat norberak agiri hori izan ezean, eta, beraz –berretsi zuen Sabinok– Fundazioaren kontrako salaketa hori bertan ezerezean geratzen. Egia da, erantsi zuen, “paperik ez edukitzeak” baduela bere arriskua; “nik hartzen dut nire gain arrisku hori, baina ez nago prest inork egin ez dudan zerbait leporatzeko”. Paperik ez edukitzea borrokatzeko modu baketsua da, Estatuaren boterea ezbaian jartzeko modua; jatorriaren arabera eman behar al zaizkie paperak batzuei eta besteei ez? Berak nahi duen gizarteak ez baitu identifikazio beharturik, mugarik eta muga horiek defendatzeko indarrik behar.
    g. Nabarmendu zuen bere pentsatzeko modua “jarrera pertsonala” dela, ez zuela “inork zuzentzen”. Hari beretik esan zuen ez duela ETAren edo EKINen postulatuekin bat egiten.
    h. Deklarazioaren akta, epaiketaren 44. saioa, 06-03-28koa, publikoa da, eta paperean eta bideoan ikus liteke. Ikus deklarazioaren transkripzioa “Sabinoren akta” PDFan atxikita.

10. Zumalabe atalaren aurkako akusazioak

  • i. Ahozko epaiketan lekukotasuna eman zuten polizia perituetatik bakar batek ere ez zuen ausardiarik izan adierazteko Fundazioaren jarduerak legez kanpokoak zirela. Areago: denek onartu zuten ez zutela paper bakar bat ere aurkitu non ETAk Joxemi Zumalabe Fundazioa aipatzen duen, eta ETAri, sarekada bakoitzaren ondotik atzemandako artxiboetan ere, ez dela Fundazioa ezkutatuta edo beste moduren batera agertzen.
  • ii. Polizia perituek, ordea, eutsi egin zioten beren tesiari: Fundazioak “masa-frentearen” ardura zuen eta ETAk bermatutako desobedientzia zibilaren estrategiak dinamizatzekoa. Perituek esan zuten ETAk desobedientzia zibilaren inguruan teorizatu izan zuela 1990eko hamarkadaren erdialdean bere argitalpenetako batean, eta, beraz, euren ondorioa da geroztik gai honen inguruan egindako guztiak bultzada hori duela. Hala, “Egin” egunkariaren “Ezbaika” eztabaida-gunean desobedientzia zibilari buruz argitaratutako 50 bat artikuluak; euskal nortasun agiriaren ereduak; Armadari intsumisioa, bidesaririk gabeko autopista, abokatu euskaldunen lana, 1999an Fundazioak babestutako jardunaldiak edo Mikel Zuloagaren “Piztu” dokumentua… ETAren aginduz egindakoak lirateke.
  • iii. Pepe Uruñuelarekin batera 2006ko irailaren 22ko saioan izan ziren kazetariek hala jaso zuten egun hartako arrazoitzea: “Guardia Zibilak defendatutako ikuspuntuaren arabera, intsumisioaren mugimenduak abiatutako ekimenak izan zuen arrakasta ikusirik, ETAk bere gain hartu zuen desobedientzia zibila ekiteko modu bezala. Puntu honetan, perituetako batek egoki jo zuen desobedientzia zibila zer den epaimahaiari azaltzea: ‘borrokatzeko modu bat da; izan liteke baketsua eta izan liteke bortxazkoa’. Ekintza baketsuak lirateke, adibidez, telebista ez ikustea, edo zergaren bat ez ordaintzea; eta, aldiz, ekintza bortitzak lirateke ‘enkarteladak’ edo ‘kateatzeak’, esaterako. Honen inguruan, maila handieneko guardiak hartu zuen hitza, desobedientzia zibil bortitz eta instituzionalaren adibide bat jartzeko: Hernaniko Guardia Zibilaren kuartelak jasandakoa, hain zuzen. Hernaniko Udalak, HB agintean zela, urte askoan kuarteletik zaborra ez ateratzeko erabaki omen zuen, agentearen arabera”.
  • iv. Horrez gain, Joxemi Zumalabe Fundazioari leporatzen zaio, Fundazio gisa, KASeko kide zen egitura baten –ASKen– jarraitzaile izatea. Arrazoiak:
  • a. ASK desegin zen urte berean, 1995ean, jaio zen Fundazioa. Urte horretan bertan Fernando Olalde Fundazioaren sustatzaileetako baten aita hil zen. Fernandok aitaren dirua heredatu zuen eta horrekin abiarazi zen Fundazioa. Fiskaltzarentzat eta Guardia Zibilarentzat kointzidentzia hutsa baino gehiago da hori.
    b. Urtebeteren buruan, Poliziaren arabera betiere, ASKren pareko beste elkarterik –gizarte mugimenduetan eragingo zuenik– sortu ez zenez, Fundazioa bihurtu zen zahagi zakua. Bi elkarteek ez dute inolako zerikusirik ez egituran, ez lan egiteko moduan, ez organismo horietako kide izateko ereduan, ez eta jardueretan ere, baina horrek bost axola poliziari.
  • v. Eta halaxe auzipetu zituzten zortzi lagun ETAko kide edo kolaboratzaile gisa, Fundazioko kide izate hutsagatik edo, besterik gabe, Fundazioarekin ustezko loturaren bat izateagatik. Epaiketaren osteko eskaeretan, azkenik, “talde armatuari laguntzea” egotzi zien fiskaltzak atal honetan auzipetutako guztiei. Eta kideetako bat, Pepe Uruñuela, absolbitu egin zuen. Harentzat ere 12 urteko espetxe zigorra eskatzen zuten hasieran talde armatuko kide izategatik, baina absolbitu egin zuten azkenean, besteekin gauza bera zergatik ez zen egiten azaldu gabe.

11. Beste organismo batzuen kriminalizazioa

  • i. 2006ko irailaren 20an, Guardia Zibilak epaimahaiari helarazitako txostenetan, Euskal Herrian diharduten 70etik gora elkarte edo antolakunde lotzen dira borroka armatuarekin, besteak beste SOS Racismo, MOC, Elkarri, Salhaketa… ETAren agiri bakar batean ere euren izena osorik ez agertzek erakutsiko luke, euren aburuz, ETAk isilean mantendu nahi duela antolakunde horiekin duen “ustezko hartu-emana”.
    ii. Aurrez, ordea, ehunka agiri berri gehitu ziren ahozko epaiketa jada hasia zegoenean, eta, ondorioz, defentsak protesta sendoa agertu zuen eta babes-eskaera ere bai Abokatuen Elkargoan. Hainbeste paper berriren artean Poliziaren Informazio Gunearen (UCI) txosten bat agertu zen. “La financiación de ETA Militar y de su entramado político-social” zuen izenburua txosten horrek (ETA Militarraren eta haren gizarte- eta politika-egituraren finantziazioa). 1977ko iraileko data zuen agiriak. Besteak beste, txostenak zion “komunikabideen arloa” honako hedabideek osatzen zutela: Eginek eta Euskaldunon Egunkariak, “hainbat irrati katek”, Egin Irratiak besteren artean; “maila eta zabalpen desberdineko ezin konta ahala aldizkarik eta agerkarik” (41 izen aipatzen zituen adibide gisa) eta “argitalpen-egitura zabal batek”. Txosten horren arabera, argitalpen-egitura horren ardatzak “Txalaparta S.L. eta Zabaltzen” ziren; “azken horrek hainbat argitaletxe, banatzaile eta liburu-denda biltzen ditu Espainiako geografian, eta Frantzian ere baditu loturak”.
    iii. “ETAk sostengatutako egitura” zabal horren barruan, poliziaren txostenak beste 58 erakunde aipatzen zituen. Horien artean, azpimarratzeko modukoak dira hauek: Txirula Mirula Musika Elkartea, EHNE, UAGN, UAGA, Gernika Batzordea, intsumisioaren aldeko hainbat talde antimilitarista, Bardeako Tiro Poligonoaren Aurkako Taldea besteak beste, eta hainbat eta hainbat erakunde ekologista eta herri plataforma: Eguzki, Lurraldea, Gernikako Tailer Ekologista, Portugaleteko Mugida Ekologista, Arangureneko Zabortegiaren Aurkako Koordinadora, Urkiola Babesteko Batzordea, Garoñako Zentral Nuklearraren aurkako Koordinadora, Itoizko Urtegiaren Aurkako Koordinadora edo Abiadura Handiko Trenaren aurkako Asanblada.
    iv. Mugitzen den oro kriminalizatzeko eromen horretan, beste sigla bat balitz bezala, “Interbentzio-gune Partehartzaileak” (IGP) ere aipatzen dira zerrendan. Txostenaren sinatzaileez gain beste norbaitek ez badaki zer diren, gatazkak konpontzeko metodo bat osatzen dute IGP horiek. Hainbat erakundek erabili izan dute alemaniar batek –Berdeak alderdiko kidea bera– patentatutako metodo hori. Beraz, ez da inolaz ere, erakunde bat.

12. Fundazioa gaur egun

  • 1998 eta 2003 artean eginiko polizia operazioen ondoren, Garzón epaileak, Barne Ministerioaren eskutik, Egin egunkaria eta irratia itxi zituen 1998ko uztailean (Del Olmo epaileak gauza bera egin zuen Euskaldunon Egunkariarekin 2003ko otsailean), eta “legez kanpo” utzi zituen KAS (1998ko azaroa), Xaki (2001), Ekin (2001eko otsaila), Jarrai eta Haika (2001eko maiatza), Segi (2002ko otsaila), Askatasun (2002ko otsaila, aurrez Amnistiaren Aldeko Batzordeak geratu ziren legez kanpo), HB, EH eta Batasuna (2003ko martxoa)… baina ez zuen gauza bera egin Joxemi Zumalabe Fundazioarekin.
  • Legez kanpo ez uzteaz gain, bere jarduerarekin jarraitzeko baimena eman zioten Fundazioari 2001ean. Urte horretan, kontuen bahitura altxatzea eta aurreko ekintzekin jarraitu ahal izatea eskatu zioten Garzon epaileari. Eta honek, baiezkoa eman zuen.
  • Alegia, akusazio autoa idatzi, egoitzen eta etxeen miaketa agindu eta Fundazioaren patronatuko kideak eta haren jarduerarekin lotu zituen beste pertsona batzuk atxilotzeko agindua eman zuen epaile berak baimendu zuen, operaziotik hilabete gutxira, erakundeak aske jarduteko aukera izatea. Hain zuzen, Fundazioak normaltasunez jarraitu du lanean eta hala dihardu egun ere.

EPE LABURREAN SENTENTZIARI BURUZKO ANALISIA TXERTATUKO DUGU

mail helbidea